VALENTIN LARREA ITURBE (Gabiria, 1876 – Iruñea, 1970)
Valentin Larrea Iturbe musikagile eta piano-jotzailea Gipuzkoako Gabiria herrian jaio zen 1876ko abenduaren 27an, eta bost anaia-arreben artetik lehena izan zen. Gurasoak, Tecla Iturbe Balentzategi (Ormaiztegi, Gipuzkoa) eta Meliton Larrea Perez de Lazarraga (Zalduondo, Araba), Gabirian ezkondu ziren 1875ean. Aita herriko elizako organista eta eskoletako maisua zen, bai eta udaleko idazkaria ere. Hori dela eta, udaletxean bertan bizi zen familia, eta han eman zituen Valentinek haurtzaroko lehen urteak. Gero, Larrea-Enea etxera joan ziren bizitzera.
Valentinek haurtzarotik zekarren musikarako dohaina, eta aitarekin hasi zen solfeoa eta organoa ikasten. Gurasoek, semearen gaitasuna ikusirik, Madrilera bidali zuten musika ikasketak egitera, eta 1893ko urrian, 17 urte zituela, Espainiako hiriburuko Musika eta Deklamazioko Eskola Nazionalean sartu zen. Garai hartako irakasle aitortuenak eta ospetsuenak izan zituen: Tragó pianoan, Arín harmonian, Serrano konposizioan eta Jimeno de Lerma organoan.
Ikasketak bikainki egin zituen, kalifikazio gorenekin, eta oposizio lehiaketetan lehen postuak irabazi zituen, ikasketa espedientean ikus daitekeen bezala.
Madrilen ezagutu zuen bere emaztea izango zena, Teresa Auzmendi Aranburu, bertan amaren aldeko izebekin bizi zen beasaindarra.
Ikasketak amaitutakoan, Madrileko prentsan irakurri zuen Iruñeko Nuevo Casino Eslavan pianista titularra izateko oposizioen iragarkia. Azterketak 1898ko otsailean egin ziren, eta aho batez eman zioten postua Valentini. Beraz, Iruñera joan zen bizitzera eta han hasi zuen bere ibilbide profesionala.
1900eko urriaren 19an, Valentin eta Teresa ezkondu egin ziren. Txapitela kaleko 12.enean zeukaten etxea, eta bertan sortu zuten familia. Bost seme-alaba izan zituzten, eta haietatik bi haurrak zirela hil ziren. Seme zaharrenak, Valentin Larrea Auzmendik (Iruñea, 1901- Buenos Aires, Argentina, 1982), aitaren ildo beretik jarraitu zuen: musika eta pianoa ikasi zuen Iruñeako Kontserbatorioan, eta oso gazterik nabarmendu zen piano-jotzaile gisa. 13 urterekin kontzertuak ematen hasi zen, eta 16rekin Iruñeko Sarasate saria irabazi zuen. Argentinara joan zen gero, eta Buenos Aires hirian egin zuen ibilbide musikala.
Valentinek oihartzun handia izan zuen Iruñeko bizitza kulturalean. Iruñeko Orfeoiaren sortzaileetako bat izan zen, baita lehen tenorra ere, eta orfeoiarentzat berariaz musika konposatu zuen. Ohikoa zen musika ekitaldietan Valentin pianoa nahiz organoa jotzen ikustea, eta, nola ez, urtero hartzen zuen parte sanferminetako kontzertuetan. 1923an, Olimpia zinema aretoaren inaugurazio ekitaldian parte hartu zuen, egun horretarako berariaz idatzitako piano obra batekin. Maiz joaten zen Gaiarre antzokira, palkoko abonua baitzeukan. 1967an, antzokiak isats piano bat erosi zuenean, Valentinek egin zituen soinu probak. Oso berandura arte jarraitu zuen konposatzen.
Oso gabiriartzat zeukan bere burua, eta ez zuen hutsik egiten herriko Andre Mari festetan. Gainera, piano kontzertuak ematen zituen Larrea-Enean, eta meza nagusian organoa jotzen zuen. Hain zuzen ere, Gabiriari eskaini zion Goiko mendiyan. Nere herri politari pianorako lana, eta 1912an La perla del océano kontzerturako martxa konposatu zuen herriko eskola berrien inaugurazio ekitaldirako.
Zarautzekin ere harreman handia izan zuen; izan ere, Maria Luisa Larrea Auzmendi alaba (Iruñea, 1908- Zarautz, 2005) eta haren senar Jose Maria Berazadi Garate (Zarautz, 1901-1983) bertan bizi ziren, eta Valentin maiz joaten zen seme-alabak eta bilobak bisitatzera.
1948an Laneko Merituaren Domina eman zioten 50 urtez Nuevo Casino Eslavan lanean aritzeagatik. Erretiroa hartu zuenean egin zioten omenezko ekitaldian, Santa Cecilia orkestrak jo zuen, Valentinek berak zuzenduta. Kontzertuaren programan, Valentinek konposatutako bi obra zeuden: Andante en do eta Adagio.
Valentin Larrea Iruñeko etxean zendu zen 1970eko maiatzaren 9an, 93 urterekin, bizi osoa musikari eman ondoren.
2020an, heriotzaren 50. urteurrenean, Valentinen oroimenezko plaka bat jarri zen haren jaiotetxean, eta hark konposatutako harirako musikaren kontzertu bat egin zen Gabiriako elizan. Berazadi Larrea familiak sustatu zuen ekitaldi hura, eta Gabiriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu zuten.
IBILBIDE PROFESIONALA
Nuevo Casino Eslavako piano-jotzaile titularra izateaz gain, Valentinek piano lezioak eta kontzertu asko ematen zituen.
Piano-jotzaile bikaina izan zen, eta teknika zaindua eta sentiberatasun handia izateagatik nabarmendu zen. Bi ezaugarri horiek distira eta berotasun berezia eman zieten haren interpretazioei.
Felipe Aramendiak sorturiko Aramendia boskote entzutetsuko partaide izan zen 18 urtez. Oso ospetsuak izan ziren Café Iruña kafean emandako kontzertuak, bai eta Donostiako Hotel Continentalean 1912tik 1921era bitarteko uda sasoietan emandakoak ere. Gainera, uda oro Zarauzko Infantadoko dukearen Santillana palazioan jotzen zuten, Espainiako erregearen bisitaren harira egiten ziren festetan.
Guillermo Kolbe, Antonio Alvira eta beste hainbat biolin-jotzaile ospetsu lagundu zituen pianoaz.
Pianorako musika asko konposatu zuen: preludioak, balsak, euskal folklorean inspiratutako obrak, musika espainola... Obra guztien artetik 43 heldu dira gure eskuetara.
Nabarmentzekoak dira Valentinen ganbera musikaren eta obra sinfonikoaren kalitatea, inspirazioa eta aniztasuna. Hamalau hariko konposizio ezagutzen dira: laukoterako, boskoterako, ganbara orkestrarako... Beste hainbat galdu egin dira, eta ez dakigu non dauden.
Organorako obra eta musika erlijiosoa
Valentinek aitaren bitartez izan zuen lehenengo harremana musikarekin, eta hura organista zenez, Gabiriako elizako organoak garrantzia izan zuen Valentin haurraren musika heziketan. Madrilen ikasle zela, organorako lehenengo konposizioak idatzi zituen. Valentin sentimendu erlijioso handiko pertsona zen, eta organoak sentimendu hori adierazteko bidea eman zion. Familiarekiko maitasuna adierazteko ere balio izan zion. Organorako eta organo eta ahotserako hamahiru obra jaso dira, bai eta meza bat eta kyrie bat ere.
Abesbatzarako obra eta txistulari bandarako konposizioak
XIX. gizaldiaren bukaeran, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1851n Anton Abadiak sortu eta sustatutako Euskal Lore Jokoen lekukoa hartu zuen.
1893an antolatu ziren lehen Euskal Festak, Azpeitian, eta 18 urtez egin ziren Gipuzkoako hainbat herritan. Askotariko lehiaketak antolatzen zituzten: olerkiak, bertsoak, musika, abesbatzak... Sortzaileek eta musikagileek beren artea plazaratzeko aukera bikaina izaten zuten, eta sarituek ospea eta ordainsaria lortzen zituzten.
Valentinek askotan hartu zuen parte Euskal Festetan, eta hainbat sari irabazi zituen pianorako, abesbatzarako eta txistulari bandarako konposizioekin: Zumaian (1900), Azpeitian (1901), Irunen (1902), Donostian (1903), Ordizian (1904), Bergaran (1905), Donostian (1906), Elgoibarren (1907), Donostian (1911)...
1903an lehiaketatik kanpo utzi zuten, lehen saria hiru urtez jarraian irabazteagatik. Abesbatzarako obrak Iruñeko Orfeoiaren errepertorioan jaso ziren.
Bestelako sariketetan ere parte hartu zuen, eta arrakasta handia izan zuen. Hona hemen adibide batzuk:
- 1902an, lehen saria Bilboko Ateneoaren musika lehiaketan, Gure arbol santuari obrarengatik.
- 1903an, izendapen berezia Heraldo de Madrid egunkariaren lehiaketan, Sueño de amor hariko orkestrarako bals multzoarengatik (Tomás Bretón, Ruperto Chapí eta Gerónimo Jimeno zeuden epaimahaian).
- 1904an, Madrilgo Círculo de Bellas Artesen saria, Bellas artes hariko orkestrarako bals multzoarengatik.
- 1930ean, lehen saria Irungo Udalaren musika lehiaketan, Seis preludios vascos pianorako konposizioarengatik.
- 1946an, lehen saria Iruñeko Udalaren literatura eta musika sarietan, Cuatro preludios inspirados en melodías populares navarras pianorako obrarengatik.
Valentin Larrearen obra Eresbil Musikaren Euskal Artxiboan eta Nafarroako Musika eta Arte Eszenikoen Artxiboan gordeta dago.